Posteado por: urtantta | 2 diciembre 2006

KUTXA

Eguna hiltzear zegoen. Azken orduan forma guztiak mantu beltz bihurtzen ziren etxetik kanpo. Lautadatik isiltasuna zabaltzen hasi zen. Eta gelaren barruan ere, iluntasuna zen jabea. Tximinian, sua erdi amatatuta zegoen eta ia-ia goizeko enbor osoa errauts bilakatu izan zen. Arratsaldean, hormetan, gizakien mugimenduei esker, itzal beltzek dantza triste bat dantzatzen zuten. Baina gelan, une horretan mugimendu gutxi suertatzen ziren.

Agurea oheratuta zegoen. Arnasa, eguna bezala, gero eta apalagoa eduki zuen. Ohearen inguruan familia osoa zegoen eta nork bere baitan bazekien agurearentzat gau hori azken gaua izango zela.

Denak isilpean zeuden, gogoratzen. 3576. urteko gizartean ehun eta laurogei urte bizitzea arrunta zen, oso. Baina azkenean heriotzak, goizago edo geroago, zor guztiak kobratzen zituen. Beti bezala, ez zeukan errukirik eta bere lana burutzen zuen. Halako zerbait buru guztietatik pasatzen zen une horietan.Orduan, bat-batean, agurea altxatzen saiatu zen.

Lasai aitona. Egon lasai! Lasaitu behar duzu.

Ez, ez. Ezin dut. Ez dut astirik… Jakin badakit gaurko gaua azkena izango dela niretzat.

Agureak momentu bat hartu zuen, bere indar guztiak biltzeko asmoz.

Geure ohituraren aurka dela jakin arren, Hauts Biltegira joan baino lehen, opari bat eman nahi dizuet. Hemen dago, kutxa honetan. Badakit Kontseilu Nagusiak gizaki batengandik bestearengana ezer ematea debekatuta dagoela. Horretarako dauzkagu Kontseiluaren Biltegiak, geure behar guztiak betetzeko.

Indarrik gabe geratu zen eta berriro atseden bat hartu behar zuen agureak. Bere itxura gero eta amatatuago zegoen. Baina begietan distira berezi bat zeukan eta ez zen sukarraren ondorioa. Seme nagusiak hartu zuen aitaren eskua beraien artean, ziuraski bizitzako beste epe bat emateko nahian. Baina agureak, hori ezinezkoa zela jakinez, jarraitu zuen.

Nolanahi ere, opari hau nik aitarengandik jaso nuen, hark bere aitarengandik, eta horrela gure senidearen lehen aitarengandik. Eta gauza honen misterioa aurkitzen duzuenean, benetako gizakiak izango zarete, eta ez, orain bezala, zenbaki hutsak. Denok zenbakiak baino ez izatea da Kontseiluaren nahia. Baina Kontseiluak ezin izaten du kutxaren boterearen aurka borrokatu. Kutsa horren barruan geure boterea, geure indarra dago. Ezin duzue ahaztu.

Eztulka kolpe batek agurearen ahotsa itzali zuen. Eta betiko. Urrun, gaueko txori baten kanta entzun zen. Denek konprenitu zuten hurrengo egunean agurearen gorpua Hauts Biltegira eraman behar zutela eta familiak beste bozeramale bat izendatu behar zuela Auzoko Kontseiluan parte hartzeko.

Hurrengo egunean, formalitate guztiak burutu ondoren, seme nagusia sartu zen agurearen logelan. Han, mahai gainean, kutxa zegoen. Hartu zuen, eta une batzuk pasatu ondoren, kutxa zabaldu zuen. Barruan gauza ezezagun bat aurkitu zuen. Egurrezkoa zen. Mehea, zilindro formakoa, eta zulo batzuekin. Gainera, barneko partea hutsik zegoen. Inoiz ez zuen horrelakorik ikusi. Mutur batean, bestea baino mutur lodiagoan, zulo desberdina zeukan.

Zertarako balioko du tresna horrek? Galdetu zion seme nagusiak bere buruari. Eta, bat-batean, aitaren ohitura bat zetorkion oroimenari. Aita noizean behin, poltsa batekin eta beti bakarrik, mendira zihoan. Eta semeak, aitaren ohitura ikustean, egun batean, kuriositatez josita, beren atzetik joan zen, aitak konturatu gabe.

Aitak, hiritik irtetean, mendi bakarti baten bidea hartu zuen. Eta, basabide horretatik hiru ordu inguru ibili eta gero, mendiaren magalean zegoen kobazulo batean sartu zen. Semea kobazuloren sarreran geratu zen, zer egin jakin gabe. Ez zeukan argirik eta ez zen kobazuloan sartzera ausartu. Orduan, kobazuloaren sarlekuan zegoenean, barnetik irteten zen soinu arraro bat entzun zuen. Ezezaguna, baina goxoa. Txori polit batena izango balitz bezala. Hau bai ustekabea!. Soinua entzutean zirrara handia sentitu zuen. Eta lasaitasuna. Eta poza. Gero, soinua bukatu zen. Eta soinua entzuteari bukatu bezain pronto, korrika hasi zen, etxeraino, aitak ikus ez zezan.

Egunak joan egunak etorri, gertaera hori ahaztu egin zitzaion. Baina orain, kutxaren aurrean, zergatia jakin gabe, oroitzapena berriro etorri zitzaion burura. Gauzaki arraro hori hartu zuen eskuetan. Oso ondo aztertu zuen. Eta bat-batean, barneko inpultsoa jarraituz, ahora eraman zuen eta, zulo batzuk estaliz, muturreko zulotik putz egin zuen. Mirari bat izango balitz bezala, kobazuloan entzun zenuen soinua berriro entzun zuen.

Berak ez zekien oraindik, baina momentu horretan beste gizaki batek musika aurkitu zuen. Altxorrik handiena seme nagusiaren eskuetan zegoen orain. Betiko.


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: